parallax background

Informazioa


FORMAKUNTZAREN AURKEZPENA

Hona hemen euskal kostaldeko egungo egoera zein erronkak ezagutzera eman nahi duen dibulgazio ikastaroa; euskal kostaldeko ezaugarri eta ondareak balioan jarriz, egungo ingurumen krisialdiaren testuinguruan bere zaintza aktiboan diharduten euskal eragile nahiz gizarte zibileko mugimenduek duten garrantzia ulertzera eramango gaituena.

Euskal kostaldeko ezaugarri biogeografikoetatik hasita, ozeanografi eta klima baldiltzen eraginpean dauden bertako espezie bereizgarriak landuko dira lehenik eta orokorki, behaketa aktibo bat egiteko beharrezkoak diren gakoak emango dira tokiko biodibertsitate aberatsa baloratzeko. Era berean, euskal kostaldeak iada pairatzen dituen gaitz zehatzak aztertuko ditugu eta baita hauen ondorio eta zergatiak ere: kutsadura, bioaniztasun galera, klima aldaketaren eragin zuzenak, etab. Azken urteko aldaketak eta etorkizunera begira dituen mehatxuak azpimarratuz.

Ikastaroaren bigarren atalean, tokiko itsas eragileak, hots, itsasora begira lanean dihardutenak, izango ditugu protagonista, gure arrantzale flota aztertuz lehenik: itsasontziak, arteak, jasangarritasuna… Azken urteotan izan duen eboluzio historikoa eta hemendik aurrerako tendentziak landuz.

Hemen, kasu berezi bat aztergai izango dugu, itsas ondarearen berreskurapenari eta itsas zaintzari lotutako MATER ontziaren kasua: bere balioak, misioa, euskal gizartean duen itsas zaintzaren errenferentzia…

Ikastaroaren azken txanpari lotuta, azken bi saioak euskal gizartean ematen ari den ingurumen zaintzaren inguruko mugimenduan zentratuko dira. Euskaldunon itsasoarekiko grina bereziak eta euskal gizartearen balioak, egungo ingurumen krisialdiaren aurrean zein paper jokatu dezakeen aztertuko da. Horretarako, azken 20 urteetan emandako pausoetatik gakoak zein erronkak landuz Euskal Herrian martxan dauden hainbat proiektu eta gizarte zibiletik antolatutako sareak aztergai izango ditugu.

HELBURUAK

-Euskal kostaldeko ezaugarri biogeografiko zein ingurumen arazoak ezagutzea.

-Euskal kostaldeko itsas eragile nagusi diren arrantzaleen lanera hurbiltzea.

-Euskal itsas ondarearen berreskuratzean MATER kasua aztertzea itsas zaintzaren harira bideratuta.

-Euskaldunon itsasoarekiko dugun grin bereziaz ohartuz ingurumen krisialdian dugun aldaketa paperaz ohartzea.

-Egungo euskal itsas eta ingurumen zaintzaren gizarte zibileko mugimenduaz jabetzea.

HARTZAILEAK

Euskal kostaldeko egungo egoera zein erronkak ezagutu nahi dituzten guztiei zuzendutako ikastaroa da. Ez da espezialistei bakarrik zuzendutako ekimena, baizik eta jende orori irekitakoa.

METODOLOGIA

Ikastaroak 15 ordu izango ditu. Batetik, 6 saio online egingo dira, eta bakoitzak 120 minutuko iraupena izango du. Saio bakoitzaren amaieran, etxean landu beharreko ariketa praktiko edo test bat luzatuko zaie ikasleei. Saio bakoitzean proposatutako etxekolanak, hurrengo saioa baino lehenago bidaliko dira (ikastaroaren plataforma erabiliz), eta irakasleak ebaluatu egingo ditu. Lan horietako bakoitza egiteko 30 minutuko dedikazioa aurreikusten da. Ikastaroaren azalpenak online bidezko zuzeneko bideokonferentzien, aurkezpenen eta ikus-entzunezko euskarrien bidez emango dira.

Ikastaroaren izaera dela eta, nahitaezkoa da online saioetan zuzenean aritzea. Nolanahi ere, kasuren batean hori ezinezkoa dela frogatzen bada, ikastaroaren martxa grabazioaren bidez jarraitu ahal izango da.

EGUTEGIA

Iraupena: 15 ordu (12 ordu online aurrez aurre eta 3 ordu ikasgela birtualetik kanpo).

Datak: Asteartetan. Azaroak 12-19-26. Abenduak 3-10-17.

Ordutegia: 17:00-19:00.

ESKAKIZUN TEKNIKOAK

Ikasleak Interneterako konexio egonkorra izan beharko du. Era berean, online saioetan parte hartzeko, bere ordenagailuan edo gailu mugikorrean Zoom bideokonferentzia-aplikazioa instalatu beharko du. Aplikazioa esteka honetan eskura daiteke: https://zoom.us/download #client_4meeting

PREZIOA

Ikastaro hau doakoa da.

MATRIKULA IREKIA

Beharrezkoa da "Izen-ematea" atalean dagoen formularioa betetzea.

HIZKUNTZA

Euskara.

DATAK

Hasiera data:

2024ko azaroak 12.

Bukaera data:

2024ko abenduak 17.

Orduak: 15.

______________

Ikastaroa amaitzean, ikasleek UNED-Bergara Ikastetxe Elkartuak emandako ziurtagiria jasoko dute.


Kolaboratzaileak

Asmoz logo